XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AMODIOAREN PENA

Amodioa zer zen nik ez nakien orai duela zonbait denbora; maluruski neretzat, gauza horren berri ikasi dut aski goiz.

Hogoi'ta bat urteko nexkatxa gazte bat naiz, nere xangrinen erdian bizi naizena.

Nere herria kitaturik orai duela aspaldi, geroztik hemen nago ostatu ttiki batean zerbitzari.

Goizetik arats ikusten ditut jende frango: merkatuetan dabiltzan laborari zahar eta gazte, langile eta bertze. Igande eta besta buruetan libertimendu keta ibiltzen naiz nere iduriko lagun batzuekin, nun eta atzemanen dugun gure gostuko gizongaia...

Primaderako goiz ezti batez, ostatu zolaren garbitzen ari nintzelarik, pentsamendu sendimendutsuenetan airatua, gizon gazte eder bat etorri zitzaitan nere ganat eta zerbait edari galde egin zautan.

Solasa zuen nasaia eta mintzatzaile atrebitua zela ohartu nintzen; bazakien ere erraten nexkatxa bati plazer egiten dioten solasak.

Aintzineko egun horietan gertaturikako bestez ginen mintzatu eta ikus arte erranez, irri pollit zabal bat eginez, kitatu ninduen.

Nere gogoeta guzia lanari emanikan ere, ez nuen geroztik haren itxura begietarik kentzen ahal: gutien ustean nere izpiritua airatzen zitzaitan gizon gazte haren ganat; ahantz orduan amets horietarik ateratzen nintzenean, nere burua harrotzen nuen, beizik eta zer nintuen manera horiek, bainan bihotzaren zolan atxikitzen nuen esperantza berriz ere gizon gazte eder hura etorriko zela nere ganat.

Gertatu zen bezala: larunbat iluntxe batez agertu zen eta zerbait edanez egotu zen azken ostatu gizona partitu arte.

Ikusi zuelarik libro nintzela, gonbidatu ninduen harekin zinemarat gatea, plazerrekin baietz erran bainion.

Ezagutza osoak egin gintuen eta geroztik elgarretarat biltzen ginen ahal ginuen guziz.

Bestak eta zinema aitzaki batzuek ziren, elgar ikustea baitzen gure xederik handiena.

Eta egun batez, hain berantetsiak nintuen solasak entzun nintuen haren ganik.

Erran zautan: Zu zaitut maite, oroz gainetik, neretzat ez da bertze bat zu bezalakorik eta nahi baduzu, egun batez biak ezkonduko gare.

Maite den gizonaren ganik holako solasak aditzea zer plazerra, zer atsegina!

Kasik hortan pasatua ez denak ez dezake konpreni.

Urustasun hortan pasatu nintuen zenbait ilabete, ez zitzaitan iduri bazela munduan bertze bat ni bezain ongi zenik, ez erreginik ez printzesarik, segur ez bainintzen hetaz jelos.

Bainan itzalik gabeko arbolik ez baita, asi zitzaizkitan itsaso gainean hedoi murruka batzu biltzen: nere maiteak egun batez uts egiten zuen gure junta lekurat eta haren ez etortzeaz kanore gabeko aitzaki bat ematen zautan; gauza horrek aldiro bihotzean xiimiko egiten zautan.

Ederki sentitzen nuen ez zuela nerekin, nere konpainian lehengo plazer hura atxemaiten.

Solasa idortu zitzaion, neretzat zuen goxotasun hura agortu.

Eta egun batez, odol otzean aitortu zautan ez zuela neretzat amodiorik, gure adixkidantzak hortan uzten zituela eta gehiago xehetasunik gabe alderat kitatu nintuen...

Horra beraz nere planta, nere manera trixtea; ez netzazke kasik deklara nere bihotzean ibili ditudan borrokak, artu dutan kolpadura beti zauritan baitut.

Uzten nauzunaz geroz, adio erraten dauzut zuri, nere lehen maitea.

Bihotza desir onez dut betea eta zuk egin dautazun kalte bezeinbat ongi desiratzen dautzut; munduan ni malerus bezain, zu urus izan zaiten.

Eta azken hitza zueri, nere lagun maiteak: ez zareztela sobera laster fida gizon gazte mintzatzaile eder hoieri, oto ederretan maiz promenatzen direneri, horiek ibiltzen baitire neska gazte iñoranten enganatzaile.

KATTALIN.